Ignacio Arakistain: “Handienek soilik dute denbora mespretxatzeko boterea”

Azpeitiar musikari eta ikertzaileak Donostiako Orfeoia-Musikene sariaren seigarren edizioa irabazi berri du Valentin Larrea musikariaren inguruan egindako lanari esker

Ignacio Arakistain pianoa jotzen.

Ignacio Arakistain Agirre musikariak (Azpeitia, 1998) Donostiako Orfeoia-Musikene saria jaso berri du, Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian organoko goi mailako ikasketak kalifikazio gorenekin bukatu eta gero Valentin Larrea Iturbe (1876-1970) musikariaren lan eta bizitzaren berreskurapen bidean gradu amaierako ikerketa lana egiteagatik.

Idatzian, Arakistainek Valentin Larrea Iruñera aldatu zen gabiriar musikariaren lanari eta bizitzari begiratu die, Larrea zenaren senideak haren lana berreskuratzeko egiten ari diren lanak akuilatuta: “Larrearen bizitzaren puzzlea osatzen saiatu naiz, eta, lana nire instrumentuarekin lotuz, Valentinen organorako lana modu analitikoan aztertu dut”, azaldu du Arakistainek.

Luzeago hitz egin dugu berarekin.

Zorionak sariagatik, Ignacio. Zer aldarterekin jaso duzu?

Aitormen eta ohore gisa jaso dut VI. Donostiako Orfeoia-Musikene saria. Musikenen gradua ikasten duen ikasle orok ikerlan bat egin behar izaten du ikasketa horiek amaitu aurretik. Nire kasuan, eta ohikoak diren instrumentuari edo errepertorioari buruzko aferak alde batera utzita, euskal musikaren ondarea berreskuratzen saiatu naiz, Valentin Larrea Iturbe (1876-1970) musikari gabiriarraren bizitza eta obra aztertuz.

Musikaria eta euskalduna naizen heinean, gure herriko iraganeko artista eta sortzaileen lana berreskuratzeko eta zabaltzeko konpromiso estua sentitzen dut, eta euskal kulturaren ekosisteman ezinbesteko izan behar luketen bi instituzio hauengandik saria jasotzeak asko pozten nau eta bultzadatzat hartzen dut, ikertzen jarraitzeko.

Zerk jarri zintuen Valentin Larrearen lorratzean?

Hasiera batean, neuk ere nire instrumentuari buruzko zerbait ikertzea pentsatzen nuen. Organista naiz, pianista izateaz gain, baina egun batean Esteban Elizondo musikari donostiarraren mezu bat jaso nuen, eta bertan bi emakumeren mezua birbidali zidan. Han irakurri nuenez, Valentin Larrea delako baten bilobetako bi ziren emakumeok (Elena eta Maite Berazadi Larrea), eta aitonak organorako idatzitako musika argitara ateratzea nahi zuten, 2019an martxan jarritako proiektu bati jarraipena eman nahian.

Valentin Larrea Yturbe musikagilearen obra oparoa ezagutarazten ari dira bere bilobak

Elizondok pentsatu zuen niretzat interesgarria izan zitekeela proiektua, eta halaxe jarri nintzen lehen aldiz kontaktuan Larrearen familiartekoekin. 2020ko neguko arratsalde batean eginiko bilkuran garbi ikusi nuen nire lanak beraien aitonarekin zerikusia izan beharra zuela. Bi biloben begietan ikusitako ilusioak eta berreskurapen lana aurrera eraman ahal izateko zuten grinak erabat konbentzitu ninduten.

Bilera hartatik irten eta etxera iritsi bezain pronto, Elenak eta Maitek utzitako aitonaren partiturak pianoaren atrilean jarri eta tinta beltzez paperean islatuta zegoen hark zer soinu zuen entzun nahi izan nuen. Musika erakargarria eta fina iruditu zitzaidan lehen momentutik.

Ignacio Arakistainek lortu du VI. Donostiako Orfeoia-Musikene saria

Nolakoa izan da dokumentazio lana? 

Hainbat estrategia eta ikerketa iturri izan ditut lanari aurre egiteko orduan. Alde batetik, hemeroteka eta artxibo historikoak ezinbestekoak izan zaizkit. Garaiko prentsan, El Eco de Navarra egunkarian batik bat, agertutako albiste eta txatalek erakutsi didate Valentin Larreak eskolak ematen zituela Txapitela kaleko bere etxean, esaterako.

Bestalde, familiak erabateko laguntza eman dit. Beraien oroitzapenak, dokumentuak eta erabilgarria izan zitekeen edozer jarri didate mahai gainean, etxean zuten guztia: dominak, diplomak, argazkiak, partiturak…

Azkenik, elkarrizketa hainbat ere egin ditut, Larrearen pianorako musikarekin hainbat kontzertu interpretatu dituen Itxaso Aristizabal irundarrarekin, esaterako.

Nola azalduko zenioke irakurleari zelako musika konposatzen zuen Larreak?

Valentin Larrearen katalogoak ehun bat obra jasotzen ditu. Hainbat instrumenturentzat idatzi zuen (pianoa, organoa, txistua, etab.), baita hari orkestrentzat edota txistu bandentzat. Oraindik lan handia dago haren obra osoa ezagutzera emateko.

Garaiko musika da Larreak sortutakoa. XIX. mendearen amaierako korronte nazionalistan koka dezakegu Madrilen ikasketak egin zituen artistaren musika: melodia sentitu eta gozoak, doinu popularren moldaketa berriak, harmonia erromantikoa…

Ugariak dira musika horren ezaugarriak, eta merezi duela iruditzen zait, garaiaren ikuskera zabala eskaintzen baitigu. 88 urte zituenean, Valentinek konposatzen jarraitzen zuen; langile borrokatua izan zen, ezbairik gabe.

Zer dela eta ez du jaso Larreak zure ustez merezi duen tamainako aitorpena?

Oso zaila da historiaren galbahea gainditzea. Handienek soilik dute denbora mespretxatzeko boterea. Bach, Mozart, Mahler eta beste hainbat dira maisu hilezkor horietako zenbait. Horiez gain, ehunka musikari eta artista on jan ditu urteen igaroak.

Norbaitek ez badu zaintzen ondarea bere osotasunean, gutxitzen eta mehetzen joaten da. Istantaren aroan bizi gara, eta gaurkoa jada modaz pasa den garaiotan, etorriko den berritasunaren zain gaude beti, berau noiz eta nola arbuiatu eta ezeztatuko dugun pentsatuz. Tristea da, baina gizarteak ez du begirunerik iraganarekin.

Musikenen ikasketak bukatuta, Vienara joango zara orain masterra ikastera. Zertaz dihardu? Zeren bila zoaz bertara?

Bi urtez egongo naiz Vienan. Hango instituzio garrantzitsu batean, Musika eta Arte Eszenikoen Unibertsitatean, gauzatuko ditut nire masterreko ikasketak, Pier Damiano Peretti irakaslearekin batera.

Ekainean izan nintzen bertan, eta izugarri gustatu zitzaidan hiria eta bertan arnasten den musikarekiko kariñoa. Austrian bizitzea izugarrizko aukera iruditzen zait: bertako orkestrak entzuteko aukera izatea, herrialde eta pentsaera desberdinetako musikariak ezagutzea, nire musika ikasketak zabaltzen jarraitzea… Gogotsu nago, zinez.

Ikasketez haraindi, baduzu beste proiektu musikalik esku artean?

Betidanik izan naiz nahiko saltseroa, Azpeitiko kultur bizitzan parte hartu izan dut modu etengabean.

Azken urteotan, kolaborazio estuak garatu ditut zenbait musikarirekin, Garazi Navas akordeoi-jotzailearekin eta Peio Irigoyen txistulariarekin, esaterako. Azken honekin abenduan Deban eta Azkoitian eginiko grabazio batzuk argitaratzear gaude.

Vienara noa, baina ez naiz % 100ean joango. Euskal Herrian kontzertuak eskaintzen jarraitzea eta beste kultur eragile batzuekin lanean jarraitzea gustatuko litzaidake. Ea hala den.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

eu